Albisteak

 
Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak kulturarteko bizikidetza sustatzeko helburuarekin “Akirema, kontinente baten aberastasunak “ programa antolatzen du eskualdeko 10 herrietako umeekin
Amerikar kontinentea zeharkatu Busturialdetik mugitu gabe eta bere joko, musika, ohitura eta hizkuntzetaz gozatzea. Hori da Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak  antolatuta, “Akirema, kontinente baten aberastasunak” programan, eskualdeko 10 herrietako udaleku eta ludoteketan parte duten umeek egingo dutena. Kulturartekotasunean sentsibilizazio lana egitea da programa honen helburua, 4-12 urte bitarteko umeei dago zuzenduta, eta eskualdeko herrietan udaro antolatzen diren udalekuen bitartez egin da azken lau urteetan.
Akirema hitza ispilu baten islatuz gero, Amerika hitzarekin topo egiten dugu. Aurreko mendean, Busturialdetik amerikar kontinentera migrazio ugari eman ziren eta gaur egun gurera heldu diren etorkin asko Amerikatik etorritakoak dira. Horregatik, aurten Amerika izango da programaren ardatz nagusia. Egunez egun umeek lurralde hori zeharkatuko dute, Argentinatik Estatu Batuetara, Peru, Mexiko eta Brasil ezagutuko dituzte. Herri hauetako jokoak praktikatu; inka, maien eta aztekak nola bizi ziren ezagutu; inguru horietako eskulanak egin; beste hizkuntza batzuk ezagutuko dituzte (quechúa, maputxe…) eta landutako guztiarekin jaia antolatuko dute dantza, jantzi eta plater tipikoekin. Programaren helburu nagusia neska-mutilen gozamena da, jolastuz, haien begirada beste errealitate batzuetara zabalduz.
Uda honetan programa Busturia, Ea, Foru, Arteaga, Ibarrangelu, Kortezubi, Gernika-Lumoko Bakearen Museoa, Mendata, Morga eta Muxikako udalekuetan garatuko da eta udazkenean herri gehiagok parte hartuko dutelakoan gaude. Printzipioz udalerri bakoitzean hiru orduko bost saio egingo dira, baina saioak, datak eta ordutegiak herri bakoitzaren antolaketaren arabera moldatuko ditugu. Inskripzioa udalerri bakoitzean egiten da.
Kultur-aniztasuna, dagoeneko, eguneroko errealitatea da gure eskualdeko herri guztietan. Datuen arabera eskualdeko biztanleriaren %7,5 atzerritarra da, Gernika-Lumon %10ekoa. Egoera honen aurrean eta bizikidetza sustatzeko asmoarekin, Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatetik programa berezia garatu dugu 2008/2009 ikasturtean hasita eskualdeko Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntzako Ikastetxeetan, 11-16 urte bitarteko ume eta nerabeei zuzenduta (Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailan eta Bigarren Hezkuntza 1. eta 2. mailan).
Hezkuntza arlotik egiten diren ekintzen osagarri da, 2009tik eskualdeko udaleku eta ludoteken bitartez garatzen den kultur arteko sentsibilizaziorako programa hau. Adinagatik ikastetxeetako programazioan parte hartzen ez duten 4-12 urte bitarteko umeei zuzendutakoa. Horrez gain, programa honen beste helburuetariko bat, Mankomunitatea osatzen duten herrietako aisialdi eskaintzan kultur artekotasuna arloa lantzea dela esan dezakegu. 2011an 12 udalerrietako 279 umek (137 mutil eta 142 neska) hartu zuten parte programa honetan.