Albisteak

Ekintza interkulturalak 

Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak kulturarteko bizikidetza sustatzeko helburuarekin “Mundu berri baten bila gure lurrari begira” programa antolatzen du eskualdeko udalekuetan


Mundu Jauna, Irupé, Famara, Yan, Petrut eta Ahmed Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak, Immigrazio Zuzendaritzaren laguntzaz, antolatzen duen “Mundu berri baten bila gure lurrari begira” programaren pertsonaiak dira. Pertsonai hauek eskualdeko 11 udalerrietako umeei  beste kulturak ezagutzera eta errespetatzera lagunduko diete, jolasaren bitartez. Kulturartekotasunean sentsibilizaio lana egiteko helburua duen programa hau 4-12 urte bitarteko umeei dago zuzenduta, eta eskualdeko herrietan udaro antolatzen diren udalekuetan egin da azken hiru urteetan.

Proposatutako ekitaldiak urtero aldatzen dira. Aurton helburu nagusia gure munduan kulturan, hizkuntzetan eta ekosistemetan ematen den aniztasuna ezagutzera ematea da. Umeek beste lurraldetako jolasak ikasiko dituzte, Marokoko Ausherez ala Errumaniako Inesulul besteak beste; mapamundi erraldoi batetan (60 metrokoa) mugitzen eta lekuak kokatzen ikasiko dute; munduko toki desberdinetako janariak prestatuko dituzte, eta kultur bakoitzeko ezaugarriak hartuta haien mundu berria eraikiko dute. Horrezgain Irupé, Famara, Yan, Petrut eta Ahmeded istoriekin Brasil, Senegal, China, Rumania eta Sáharako bere adineko neska mutilen bizimodua ezagutuko dute.

Programa Busturia, Ea, Elantxobe, Foru, Arteaga, Gernika-Lumoko Bakearen Museoan, Mendata, Morga, Muxika eta Sukarrietako udalekuetan garatuko da. Nabarnizeko udalak ere parte hartuko du proiektuan, baina ez udalekuetan, urtean zehar larunbatero antolatzen duen ludotekaren bitartez egingo dute. Udalerri bakoitzean hiru orduko bost saio izango dira, eta datak eta ordutegiak  herri bakoitzaren antolaketaren arabera moldatuko ditugu. Lehen saioak ekainaren 27an hasiko dira Bakearen Museoan eta azkenak, abuztuan, Arteagan eta Elantxoben.

Kultur-aniztasuna, dagoeneko, eguneroko errealitatea da gure eskualdeko herrietan, bai handietan eta txikietan ere. Datuen arabera eskualdeko biztanleriaren %6,8 atzerritarra da, Gernikan %9,1koa izatera iristen delarik. Horregatik Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak kulturarteko bizikidetza sustatzeko programa garatu du 2008/2009 ikasturtetik eskualdeko Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntzako Ikastetxeetan, 11-16 urte bitarteko ume eta nerabeei zuzenduta (Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailan eta Bigarren Hezkuntza 1. eta 2. mailan).

Hezkuntza arlotik egiten diren ekintzen osagarri moduan, 2009tik eskualdeko udaleku eta ludoteketan garatzen den kultur arteko sentsibilizaziorako programa hau antolatzen du Mankomunitateak, adinagatik ikastetxeetako programazioan parte hartzen ez duten 4-12 urte bitarteko umeei zuzendutakoa. Horrez gain, programa honen beste helburuetariko bat, Mankomunitatea osatzen duten herrietako aisialdi eskaintzan kultur artekotasuna arloa lantzea dela esan dezakegu.

Egutegia

Busturia: Uztailaren 11, 12, 13, 14 eta 15.
Ea: Uztailaren 18 eta 19.
Elantxobe: Abuztuaren 1, 2, 3, 4 eta 5.
Foru: Uztailaren 5, 6, 7 eta 8.
Arteaga: Abuztuaren 1, 2, 3, 4 eta 5.
Bakearen Museoa: Ekainaren 27, 28, 29 eta 30 eta Uztailaren 1.
Mendata: Uztailaren 26, 27, 28 eta 29.
Morga: Uztailaren 11, 12, 13, 14 eta 15.
Muxika: Uztailaren 26, 27, 28 eta 29.
Sukarrieta: Uztailaren 26, 27, 28 eta 29.