Berezitasunak eta irizpide nagusiak

 

Emakume batBusturialdeko Gizarte-Zerbitzuen egunerokoa azaltzerakoan, nahitaezkoa da emakumeek arlo honetan duten garrantzia aipatzea, protagonista baitira gizarte-zerbitzuetako eremu guztietan, langile, laguntzaile eta erabiltzaile gehienak emakumeak dira.


Gizarte-bereizkeriak eta pobreziak eragin handiagoa du emakumeengan; hau gure eskualdeko gizarte zerbitzuetan egunero baieztatzen dugun errealitatea da, izan ere, erabiltzaileen artean gehienak dira: adineko alargunak, guraso bakarreko familietako amak, emakume etorkinak, lan-merkatura sartzeko zailtasunak dituztenak… Gizartetik kanpo gelditu edota gelditzeko arriskuan dauden emakumeen bizi-baldintzak hobetzen laguntzeko, beharrezkoa izango da beraien egoerari egokitutako zerbitzuak eta programak abian jartzea.


Genero-indarkeria egoerak bizi dituzten emakumeei eman beharreko arretak lehentasuna du Mankomunitateko jardunean. Horretarako, arlo honetan esku hartzen duten eskualdeko beste erakundeekin elkarlanean ari gara, arreta, asistentzia eta babes egokiak eman ahal izateko.


Bestalde, emakumeak dira etxeko gaixo eta adinekoen zaintzaz arduratzen direnak ere. Zaintzaileek egiten duten lanak kostu pertsonal handia du beraientzat, alde batetik, lan gogorra delako eta, bestalde, emakumeek —era informalean egiten duten lanetik aparte— etxetik kanpo lan egin eta familiako beste kideen zaintzan ere ardura handiena izaten dutelako normalean. Busturialdeko Gizarte Zerbitzuetatik egoera horretan dauden emakumeen lana arintzeko zerbitzu berriak abian jartzeko beharrizana ikusten dugu (zaintzaileentzako laguntza-zerbitzuak, atseden hartzeko zerbitzuak…)