Berezitasunak eta irizpide nagusiak

 

BaserriaMankomunitateko ezaugarrietariko bat landa-giroko herriena da, horretan egoera bereziak ematen baitira, hiri-giroan ematen ez direnak; besteak beste, baserrietan bakarrik bizi diren pertsonen isolamendu egoerak, baserritarrek gizarte zerbitzu batzuk jasotzeko izan ditzaketen erresistentziak —eguneko zentrora joatea adibidez—, dispertsioaren ondorioz zerbitzuak jasotzerako orduan dauden zailtasunak edota, familiak ordaindu beharrekoa zehazterakoan, baserriko ekonomien funtzionamendua eta hirietakoa berdina ez izatea. Ezaugarri horiek guztiek guztiz baldintzatzen dute Mankomunitatetik ematen diren zerbitzuen izaera eta antolaketa.


Aurrean aipatutako berezitasunei, berriz, biztanleriaren zahartzea gehitu behar diogu, herri txikietan adinekoen proportzioa hirietakoa baino handiagoa baita. Beraz, landa-giroan adinekoentzako zerbitzuen balizko erabiltzaileak ere gehiago dira proportzioan.


Hori guztia kontuan izanda, etorkizunera begira, arlo honetan, politikak, araudiak eta zerbitzuak diseinatzerakoan, malgutasuna eta diziplina-aniztasuna bultzatu beharra dago. Izan ere, gure errealitatera egokitzen diren baliabideak ezartzerakoan, hiri-giroan bideragarriak izan daitezkeen ereduak kasu askotan ez dira baliagarriak landa-giroko herrietan, eta bertan ditugu —adinekoentzako baliabideei dagokionez, behintzat—  beharrizanik handienak.