Gizarte zerbitzuen oinarria

 

Oinarrizko gizarte-zerbitzuen izaera kontuan izanik —herritarrengandik hurbil egotea eta udalen eskumenekoak izatea—, nahitaezkoa dugu udal administrazioetatik baliabide hauek arautzeko ditugun tresnen berri ematea. Gure kasuan, zerbitzuok biltzen dituen udal-erakundea 1986an sortutako Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea da. Bertan, eskualdeko 17 udalerri daude bilduta elkarlanean —Arratzu, Busturia, Ea, Elantxobe, Errigoiti, Forua, Ibarrangelu, Kortezubi, Gautegiz-Arteaga, Gernika-Lumo, Mendata, Morga, Mundaka, Muxika, Murueta, Nabarniz eta Sukarrieta—.


Mankomunitatearen xedea aurrez aipatutako udalerrietako auzokideei zerbitzua ematea da. 1998an argitaratutako Busturialdeko Gizarte-Zerbitzuen Mankomunitateko Estatutuen arabera, hurrengoak dira, besteak beste, erakundearen helburu nagusiak: herritarrei eskura dituzten zerbitzu eta baliabideei buruzko informazioa eta orientabidea eskaintzea; autonomia pertsonala galdu duten edo galtzeko arriskuan dauden pertsonen beharrizanei erantzuna ematea; eta, azkenik, babesik gabe edota gizartetik kanpo gelditzeko arriskuan daudenen eta horien familien gizarteratzea sustatzea.